Bildumak

Hasiera / Bilduma / Bildumak

1. kapitulua

Bilduma:Joben liburua eta 42 margolan
Egilea:Fr. Antonio Oteiza
Mota:Pintura
Kokapena:Katalogazio-gela
Ezaugarriak: Pintura akrilikoa kartoi gainean
Artelana:
1. kapitulua

Egin klik handitzeko

Deskribapena:

Hitzaurrea lurrean

Bazen behin Uz lurraldean Job izeneko gizon bat. Zuzena eta zintzoa zen, Jainkoaren beldur zen eta gaitzetik urrun bizi zen. Zazpi seme eta hiru alaba zituen. Zazpi mila ardi, hiru mila gamelu, bostehun idi-pare, bostehun asteme eta zerbitzari ugari zituen. Ekialdeko gizonen artean aberatsena zen.

Haren semeek oturuntzak egin ohi zituzten, egun bakoitzean haietako baten etxean, eta hiru arrebak gonbidatzen zituzten haiekin jatera.

Jai-egun haiek amaitzean, Jobek seme-alabak beregana etorrarazten zituen garbitzeko. Goizean goiz jaiki eta bakoitzaren alde erre-opari bat eskaintzen zuen, beren bihotzean Jainkoa madarikatuz bekatu egin ote zuten pentsatuz.

Hori egin ohi zuen Jobek aldiro.

Hitzaurrea zeruan

Egun batean aingeruak Jaunaren aurrean aurkeztu ziren; haien artean Satan ere etorri zen.

Jaunak galdetu zion: –Nondik zatoz?

Hark erantzun zuen: –Lurrean hara eta hona ibiltzetik.

Jaunak esan zion: –Ohartu al zara nire zerbitzari Jobez? Lurrean ez dago bera bezalakorik: gizon zuzena eta zintzoa da, Jainkoaren beldur da eta gaitzetik urrun bizi da.

Satanek erantzun zion: –Eta uste al duzu haren fedea interesik gabea dela? Zuk zeuk inguratu eta babestu dituzu bera, haren etxea eta daukan guztia! Haren lanak bedeinkatu dituzu, eta haren artaldeak lurralde osoan zabaldu dira. Baina ukitu ezazu, egin kalte haren ondasunei, eta apustu egingo nuke aurpegira madarikatuko zaituela.

Jaunak esan zion: –Egin nahi duzuna haren ondasunekin, baina bera ez ukitu.

Eta Satan joan egin zen.

Joben probak

Egun batean, haren seme-alabak anaia zaharrenaren etxean jaten eta edaten ari zirela, mezulari bat Jobengana iritsi eta esan zion: –Idiak goldatzen ari ziren eta astemeak haien ondoan bazkatzen, sabearrak haien gainera oldartu direnean. Zerbitzariak ezpataz hil eta abereak eraman dituzte. Ni bakarrik atera naiz bizirik zuri kontatzeko.

Oraindik hitz egiten amaitu gabe zegoela, beste bat iritsi eta esan zuen: –Tximista bat erori da zerutik eta zure ardiak eta artzainak erre eta suntsitu ditu. Ni bakarrik atera naiz bizirik zuri kontatzeko.

Oraindik hitz egiten amaitu gabe zegoela, beste bat iritsi eta esan zuen: –Kaldearren talde bat, hiru multzotan banaturik, gameluen gainera oldartu da, eraman egin ditu eta zerbitzariak ezpataz hil ditu. Ni bakarrik atera naiz bizirik zuri kontatzeko.

Oraindik hitz egiten amaitu gabe zegoela, beste bat iritsi eta esan zuen: –Zure seme-alabak anaia zaharrenaren etxean jaten eta edaten ari ziren, basamortutik haize-erauntsi handi bat etorri eta etxea lau aldeetatik jo duenean. Etxea gainera erori zaie eta hil egin ditu. Ni bakarrik atera naiz bizirik zuri kontatzeko.

Orduan Job zutitu, soinekoa urratu, burua soildu, lurrera bota eta esan zuen: –Biluzik atera nintzen amaren sabeletik, eta biluzik itzuliko naiz. Jaunak eman zidan, Jaunak kendu dit: bedeinkatua izan bedi Jaunaren izena!

Hala eta guztiz ere, Jobek ez zuen bekaturik egin, ezta Jainkoari zentzugabekeriarik leporatu ere.

Bildumako lanak